BLOGA

SALEROSKETEN BILAKAERA

Etxebizitzen salmentaren prezioak etengabe egin du gora Euskal Herrian


2024/08/05

Azken urteotan etxebizitzaren prezioak igoera nabarmen bat izan du Euskal Herri osoan, edukitza erregimena edozein dela ere. Ondorioz, euskalherritar gehienentzat etxebizitzara sarbidea asko zaildu da, alokairuaren errentari aurre egitea edota hipoteka bat eskuratzea asko konplikatuz. Hau, bereziki korapilatsua bilakatu da kolektibo zaurgarrien artean, hots, egoera sozioekonomiko ahulena edota desegonkorrena dutenen artean. Esaterako, geroz eta gehiago dira emantzipazio adinean dauden eta gurasoen etxean egotera behartuta dauden gazteak.

2019 eta 2023 urteen artean etxebizitzen prezioa %12,8 garestitu da EAEn

Euskal Herriko higiezinen merkatuak goranzko joera erakutsi du azken urteotan. 2019 eta 2023 urteen artean, etxebizitzen m²ko prezioa %12,8 handitu da EAEn. Hau da, 2019an batez besteko prezioa 2.621€m²koa izan zen moduan, 2023an 2.957€/m²koa izatera iritsi zen. Honek esan nahi du aztertutako aldian metro karratuko prezioa 336 euro garestitu dela Euskadin. 

Euskal Herriko egoera orokorrak, baina, kontraste handiak ezkutatzen ditu bere baitan. Alde batetik, eremu batzuetan prezioen igoera ez da horren esanguratsua izan, baina badira eremu batzuk, eta bereziki udalerri batzuk, non hazkundea neurrigabekoa izan den. 

Lapurdiko kostaldean eta, bereziki, Biarritzen etxebizitza bat erostea inon baino garestiagoa da

Iparraldeko mapari erreparatuz gero, prezioen igoerak kokapen geografiko oso zehatza daukala antzeman daiteke: Lapurdiko kostaldea. Izan ere, Zuberoan eta Behe Nafarroan prezioen igoera apalagoa izan den bezala, Lapurdiko probintzian eta, bereziki kostako eremuan, etxebizitza bat erostea inon baino garestiagoa bilakatu da azken urteotan. Hori horrela, kostako zortzi udalerrietan, etxebizitzaren batez besteko salneurria 2019 eta 2023 urteen artean, 5.428 euro/m²koa izan da. 

Gainera, eremu honetan aurki dezakegu udalerri guztietan garestiena, Biarritz. Bertan, eta 2019. urtetik, %40,5 handitu da metro karratuko prezioa, eta 2023ko datuen arabera, eginiko salerosketen batez besteko prezioa 8.051€/m²koa izan da. Beraz, 2019an Biarritzen 80m²ko etxebizitza bat erosi nahiko bagenu, batez beste 458.320 euro ordaindu beharko genituzke. Bada, lau urteren buruan, tamaina bereko etxebizitza baten prezioa 644.080 eurokoa izango litzateke, hau da, 185.760€ garestiagoa. Dena den, Biarritz zerrenda luze baten erakusle nagusia besterik ez da. Zerrenda hau osatzen dute Donibane-Lohitzunek, non %22ko igoerarekin, metro karratuko prezioa 6.278 eurotan kokatu den, Angeluk, %33,5eko garestitzearekin (5.732€/m²), eta, azkenik, Baionak. Azken hau, Biarritzen ondoren, igoera garrantzitsuena izan duen udalerria izan da, eta 2023an metro karratuko prezioa 4.249 eurokoa izan da. 

Gasteiz da gehien garestitu den Hegoaldeko udalerria eta Donostiak garestiena izaten jarraitzen du

Hego Euskal Herrian, etxebizitza merkatuak ere joera gorakor bat erakutsi du. Hau bereziki, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Getxon eta Iruñean gertatu da, prezioa hauetan igo baita gehien. Gasteizek metro karratuko prezio altuena duen udalerria ez izan arren, hazkunde handiena izan du. Hala, %27,7ko igoerarekin, metro karratuko prezioa 2.556 eurokoa izatera iritsi da. Aldi berean, Donostiak %26,9ko igoera izan du, metro karratuko prezioa 5.378 eurotan kokatuz. Esan beharra dago, Donostiako salerosketa prezioa Hego Euskal Herriko altuena eta Euskal Herri osoko laugarrena dela. Bestetik, Iruñeak %18,9ko hazkundea izan du, metro karratuko 2.218 eurora iritsiz. Bilbon, berriz, %11,7 garestitu da metro karratuko prezioa, 2.912 eurora iritsiz. Azkenik, Getxok, %11ko hazkundea izan du, metro karratuko 3.966 euroko prezioekin. Getxo Donostiako prezioetara iristen ez den arren, metro karratu garestiena duten EAEko udalerrien artean kokatzen da.

Laburbilduz, esan daiteke Euskal Herriko etxebizitza merkatua igoera etengabe baten baitan murgilduta dagoela, hala erakusten baitute arestian aztertutako datuek. Gainera, kostaldeko udalerrietan etxebizitza bat eskuratzea bereziki garestia dela antzeman daiteke, hauek duten erakargarritasun turistikoa dela eta, besteak beste. Hori horrela, litekeena da erabilera turistikoko etxebizitzen hazkundeak ere eragin nabarmena izatea prezioek izan duten igoeran. Nolanahi ere, etxebizitzen prezioen etengabeko igoerak ondorio lazgarriak eragiten ditu pixkanaka pobretzen ari den populazioaren gehiengoarengan eta batik bat kolektibo zaurgarrienengan. Honek, erronka garrantzitsuak planteatzen ditu etxebizitzara sarbidea are gehiago zailtzen ari den testuinguru honetan.